GURE OINARRIAK Innovamaten printzipio didaktikoak
Ikerketan oinarritzen gara gure baliabideak garatzeko eta errepikatzeko. Ezagutza matematiko guztiak elkarri lotuta daude, eta beharrezkoa da haien arteko loturak sustatzea.

1.

Ikuspegi soziokonstruktibistari jarraitzea

Ulermenetik eraiki behar da ezagutza matematikoa, esplorazioaren, manipulazioaren, esperimentazioaren eta aurkikuntzaren bitartez, irakaslea gidari izanik. Bereziki, manipulazioa eta esperimentazioa ezinbestekoak dira ikaskuntza-prozesuan, ikaslearen adina edozein dela ere.

Gizarte-interakzioa eta elkarrizketa ezinbestekoak dira ulermen kontzeptuala eraikitzeko, edozein etapatan.

2.

Sekuentziatzea, kontzeptuak elkarri lotzeko

Ezagutza matematiko guztiak elkarri lotuta daude, eta beharrezkoa da haien arteko loturak sustatzea. Edukiak jarduera aberatsen sekuentzia espiral bati jarraituz aurkitu behar dira, eta arintasuna garatzeko eta ezagutzak finkatzeko landu, abstrakziora iritsi arte.

3.

Ikaskuntza esanguratsurako testuinguru egokiak eskaintzea

Testuinguru bat ikaslearentzat egokia izango da jakin-mina pizten duen erronka-egoera bat sortzen denean, haren interes pertsonaletan zentratu beharrik gabe. Matematikak beste arlo batzuekin dituen loturek zentzua eta garrantzia ematen lagun diezaiekete.

4.

Arintasuna garatzeko praktikatzea

Arintasun aritmetikoa zenbakiekin lan egitean eta eragiketak egitean eraginkortasuna, malgutasuna eta doitasuna izateari esaten zaio, eta funtsezkoa da ikasleen arrakasta matematikorako. Ikasgelan denbora inbertitu behar da estrategia desberdinak azaltzeko, eta hainbat testuingurutan landu behar dira, etapa bakoitzeko oinarrizko gertakariak automatizatu arte. Praktikatu egin behar da, arintasuna garatzeko eta algoritmoak goiz ez aurkezteko, pasibotasun kognitiboa ez eragite aldera.

5.

Baliabideen unibertsaltasuna bermatzea

Matematika guztientzat da; edonor da gai matematika egiteko eta zeregin horretan gustura sentitzeko. Jarduerak “zoru baxua, sabai altua eta horma zabalak” ikuspegitik diseinatu behar dira, gelako aniztasunari arreta emateko eta ikasle guztiek parte hartu eta aurrera egin dezaten ahalbidetzeko.

6.

Ebaluazioa, ikaskuntzaren zerbitzura

Irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuak arautzeko, arrakastak, zailtasunak eta akatsak identifikatzeko eta aurrera egiteko bideak aurkitzeko bitartekoa izan behar du ebaluazioak. Beharrezkoa da ebaluazio-begirada bai edukietan, bai prozesuetan edo konpetentzietan eta trebetasun sozioemozionaletan jartzea. Ebaluatzea jarrera etengabea da, eta ebidentzia iraunkorrak eta iragankorrak biltzean datza.

7.

Teknologia kontzienteki erabiltzea

Ikaskuntzaren alde erabilita, teknologia bereizgarria da pertsonalizazioan eta datu baliotsuen sorreran, irakasleek irakaskuntza-zereginak egokitu ditzaten ikasleei hobeto laguntzeko. Funtsezko eginkizuna du praktika sistematikoan eta erreproduktiboan, pertsonalizazioa eta lan autonomoa ahalbidetzen baitu.

8.

Irakasleak gidari gisa duen eginkizuna ulertzea

Irakasleek funtsezko zeregina dute ikasleak beren prestakuntza-prozesuan gidatzeko eta ebaluatzeko. Akatsa ikasteko aukera gisa ulertu behar dute, eta horrela baloratu. Ikasleak desafiatuta sentitzea eta akatsa frustratu gabe kudeatzen ikastea lortu behar dute. Irakasleak etengabe trebatu behar dira eta matematikarako grina transmititu behar dute.

9.

Hezkuntza-komunitatea inplikatzea

Matematikaren ikaskuntza konpetentziala lortzeak ikuspegi-aldaketa eta hezkuntza-komunitate osoaren parte-hartze aktibo eta bateratua eskatzen du: irakasle, ikasle eta familiena.

10.

Ebidentzietan oinarritutako baliabide didaktikoak garatzea

Eskaintzen ditugun baliabide guztiak matematika-hezkuntzaren alorrean dauden ikerketa-marko teorikoetan oinarritzen dira eta ikasgelan balioztatuta daude. Ikerketa zorrotza egiten dugu etengabe, garatutako baliabideak probatzeko, hobetzeko eta errepikatzeko.

Beti laguntzeko prest

Gure aditu taldea eskura izango duzu une oro.
Innovamat