Mequè Edo, Matematikaren Didaktikan doktore eta haur hezkuntzan adituari elkarrizketa

Anna Llobet
Anna Llobet
24/09/2025|Irakurketa: 12 min
Mequè Edo, Matematikaren Didaktikan doktore eta haur hezkuntzan adituari elkarrizketa

Mequè Edo haur hezkuntzako eta lehen hezkuntzako irakaslea da, eta Matematikaren Didaktikan doktorea. Sant Cugat-eko Escola de Mestres-en trebatu zen eta, amaitutakoan, hamarkada batez irakasle aritu zen Bellaterrako l’Escoleta-n. Geroago, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak lankidetzarako gonbita egin zion. Harrezkero, haur hezkuntzako etorkizuneko irakasle-belaunaldiak prestatu ditu, aldi berean ibilbide akademikoa osatuz: ikerketa, doktoretza eta kudeaketa-kargu desberdinak. Duela gutxi erretiratu da.

Aktibatu azpitituluak elkarrizketa osoa ikusteko.

Bizitza osoa matematikaren didaktikan murgilduta eman duzula esan genezake orduan?

Bai, beti ibili naiz horretan, baina oin bat ikasgela barruan eta bestea unibertsitatean dudala. Zirraragarria izan da praktika hausnarketarekin eta formakuntzarekin uztartzea.

Gustatuko litzaiguke pixka bat gehiago jakitea nondik datorkizun bokazio hori. Mequè, nolakoa zen zure eskola?

Neskato txikia nintzenean eskola frankista batean ibili nintzen, 2 urte nituenetik 16 urte nituenera arte. Ez dut oroitzapen onik, baina normala da, nire belaunaldiko jende askok bezala. Eskola erlijiosoa zen, zurruna, oso zigortzailea. Dena zen transmisio mekaniko eta errepikakorra, inolako esanahirik gabea.

Gogoan dut egun batean amak irakasleari esan ziola nik oso ondo irakurtzen nuela, baina ez nuela ulertzen zer irakurtzen nuen. Irakasleak erantzun zion hori gero etorriko zela, aurrerago ulertuko nuela.

Baina irakurtzea ez da hitzak ahoskatzea bakarrik…

Noski ezetz! Hori letraka esatea, errepikatzea, kopiatzea… da. Eta matematikarekin gauza bera gertatzen zen. Orri bat ematen ziguten, eta aurrera, zenbakiak errepasatu eta eragiketak osatzera, bata bestearen atzetik. Ikastea baino gehiago, egiteagatik egitea zen. Ez zegoen pentsatzeko tartetik, ezta galderak egitekorik ere. Oso inpertsonala zen dena.

Quaderns d'infància de la Mequè
Quadern de matemàtiques de la Mequè

Eta nola igaro zinen inguru gris horretatik irakasle izan nahi izatera?

Senak beti esan izan dit beste modu batera irakastea posible zela, hezkuntza bestelakoa izan zitekeela. Mojen eskolan nenbilela, Sant Cugateko irakasle-eskolari buruz hitz egiten entzun nuen. Helduago egin nintzenean eta zer ikasi nahi nuen erabaki behar izan nuenean, irakasle-eskolako ikasle izateko zorte ikaragarria izan nuen. Han bizitza zabaldu zitzaidan. Egiteko beste modu bat arnasten zen. Pentsatzen dudan hizkuntzan idazten irakasteaz gain, hizkuntza horren transmisore izaten ere irakatsi zidaten.

Gogoan dut hasierako bertigoa, pentsatzean hiru urtetan katalanez idazten ikasi ez ezik, hizkuntza erabat menderatu behar nuela, irakatsi ahal izateko. Zorionez, irakasle bikainak izan nituen, eta lezio handi bat eman zidaten: irakasleok ez dugu dena jakin beharrik, baina zintzoak izan behar dugu. Eta noski, zalantzarik izanez gero, umeen aurrean hiztegia hartu behar duzu, haiek ikus dezaten; egiteko modu on bat erakusten ari zarelako.

Orduan pentsatu nuen, 18 urterekin: “Nik handitan hau egin nahi dut. Haiek bezalakoa izan nahi dut.” Eta geroztik, hori izan da nire bizitza.

Eta behin formakuntza amaituta, nola hasi zinen lanean?

Lehenengo urteetan lehen hezkuntzako irakaslea izan nintzen. Ondoren, oposizioekin, haur hezkuntzara igaro nintzen. Dena dela, beti ibili izan naiz etapa batetik bestera, nahiz eta gero eta gehiago espezializatu nintzen haur hezkuntzan.

Eta urte hauetan guztietan, umeengandik ikasi ahal izan duzu?

Jakina. Irakasle gisa, beti ikasten duzu ikasleengandik. Ikasgelatik ateratzen naizen bakoitzean, pentsatzen dut: “Nola joan da? Zer joan da ondo? Zer aldatuko nuke berriro egingo banu?” Etengabeko gogoeta hori haurren behaketatik sortzen da: nola jasotzen duten proposatzen duzuna, nola interpretatzen duten, nola ikasten duten. Eta hori ez da gertatzen txikienekin bakarrik. Unibertsitateko ikasleengandik ere asko ikasten dut.

Saio bat nola prestatu edo bideratzen duzun zalantzan jartzeari uzten diozunean, agian zure lanarekin hain lotuta ez zauden seinale; umeengandik beti ikasten baituzu.

Zein da zure ibilbideko oroitzapenik politena?

Hona hemen oroitzapen oso berezi bat, eskolan bost urte eman ondorengoa. Ikastetxearen hamargarren urteurrena ospatu genuen. Ikasle, irakasle eta familia guztiekin ospakizun bat egitea erabaki genuen. Gela bakoitzak ikasten ari zen zerbait partekatu behar zuen gainerakoekin.

Une hartan Lehen Hezkuntzako 1. mailako gela bateko tutorea nintzen ni, eta nire ikasleek zenbakiei buruz gauza asko ikasi zituztela azaldu nahi izan zuten. Elkarrizketa ederra sortu zen: zenbakiak zer diren, nola funtzionatzen duten… Eta elkarrizketa horretatik mural bat egiteko ideia sortu zen. Mural hori lagun izan genuen 1. eta 2. mailetan, eta hainbat gauzatarako erabili genuen: bosnaka zenbatzen ikasteko, hamarnaka zenbatzen ikasteko, batuketak eta kenketak egiteko, biderketak egiteko… Hain jarduera xumea eta aldi berean esanahiz hain aberatsa.

Mural dels nombres

Eta orain, etapa hori itxi duzunez, zer ikasi duzu irakasle-trebatzaile gisa?

Irakasleen formazioa ibilbide luzea izan da. Hasieran, unibertsitatean, 25 ikasle nituen urte osoan. Horrek ikasleei oso gertutik jarraitzeko aukera ematen zidan. Denborarekin, ordea, ratioak handitzen joan ziren, eta, azkenean, hiruhilekoko 80 ikasleko taldeak izaten nituen. Testuinguru horretan, ez nintzen hain eroso sentitzen.

Zorionez, azken urteetan “gozokitxo” bat izan nuen: 30 ikasle interesatuko hautazko ikasgai bat, non nire irakasle-hastapenak eta unibertsitateko ibilbidearen amaiera elkartzen zituen proiektu eder bat egin ahal izan genuen. Ikasle haiek haur-eskolako bi umeren amabitxi matematikoak izan ziren. Hiru hilabetez, haien ikaskuntzaren jarraipena egin ahal izan zuten, eta matematikako saioak elkarrekin egin genituen. Oso esperientzia polita izan da… Horren polita, ezen idazteko eta legatu gisa uzteko gogoa baitut.

Hitz egin dezagun orain matematikaren ikaskuntzari buruz.

Aktibatu azpitituluak elkarrizketa osoa ikusteko.

Zer esan nahi du 3, 4 edo 5 urterekin matematika egiteak?

Haurrek matematika egiten dute harremanak ezartzen dituztenean. Helduek erronka bat botatzen dietenean eta haiek erronka hori onartzeko gai direnean, eta ikusteko galdera bat dagoela eta erantzun posibleak bilatu behar dituztela. Horretan ari direnean, mentalki aktibo daude.

Zenbakiak errepasatzen dituztenean, ez dira matematika egiten ari. Horrek eskua aktibatzen du, eta ez asmamena.

Eta matematikaren ikaskuntzari buruzko zer mito ditugu haur hezkuntzan?

Urte askoan oso errotuta egon da haurrak ez dakiela ezer eta helduak etorri behar zuela hari ezagutza transmititzera. Eta haurrak egin behar zuen gauza bakarra praktikan jartzea zela… Ikuspegi hain transmisore hori nagusitu da luzaroan, baina badakigu ez dela eraginkorra.

Hori da, nire ustez, mitorik larriena: matematika urrats mekanikoen multzo gisa ulertzea. Haur hezkuntzan, ordea, umeek aktibo egon behar dute —fisikoki zein mentalki. Mugitu egin behar dira, manipulatu, interpretatu, beren buruari galderak egin, eztabaidatu, pentsatu. Pentsamendurik gabe ez dago matematikarik.

Nola ekidin dezakegu antsietate matematikoa haur hezkuntzan?

Haur hezkuntzan oso erraza da: oraindik ez dago antsietate matematikorik. Haurrak ez dira matematikaren beldur. Gu gara, helduok, beldur hori proiektatzen dugunak.

Haurrek ikasi egin nahi dute, ondo egon, harkorrak izan. Arazoa agertzen da emozio negatiboak, segurtasun falta edo mezu negatiboak helarazten dizkiegunean. Orduan eraikitzen da “matematikarako balio ez dutelako” uste faltsua. Larritasun hori ez da haiengandik sortzen, gugandik baizik, helduak garen aldetik.

Eta nola ikusten duzu gaur egungo hezkuntza? Zeintzuk dira, zure ustez, erronka nagusiak?

Ni ez naiz hezkuntza politikan espezialista, baina nire esperientzian oinarrituz, erronka handienetako bat da haur hezkuntzan ez duela balio 25 ikasle eserita edukitzeak, eskuan arkatza eta aurrean papera dituztela. Horrek ez du funtzionatzen. Curriculumak argi dio: dinamika ezberdinak behar dira, giroka lan egitea, talde txikiak…

Hori bai, hori hala izan dadin, irakasle gehiago behar ditugu; heldu gehiago ikasgelan. Hori gabe, dinamikak dibertsifikatzea oso zaila da.

Eta aniztasunari arreta egokia eskaini ahal izateko ere bai, ezta?

Halaxe da. Geletan gero eta aniztasun handiagoa dago. Benetan inklusiboa den arreta eskaintzeko, arreta pertsonalizatuagoa behar da. Horregatik, ratioa da gakoa: esku gehiago, heldu gehiago, haurrei jarraipena hurbiletik egiteko, bakarka edo talde txikitan.

Gainera, aniztasuna ondo banatu behar da eskolen artean, gehiegi kontzentratuz gero inklusioa asko konplikatzen baita. Badakit politika batzuk horri irtenbidea ematen saiatzen ari direla, baina oraindik asko dago egiteko.

Gaiz aldatuz: Hezkuntza Sailak haur hezkuntzako ikasgeletan pantailak kentzea proposatu du berriki. Zer iritzi duzu ikasgelan teknologia erabiltzeari buruz?

Ados nago 0 urtetik 3 urtera bitartean ez dela pantailarik behar. Haurrek ez dute behar. Baina koherenteak izan beharko genuke: pantailak eskolatik kentzen baditugu, etxean ere mugatu egin beharko genituzke…

Izan ere, benetan kezkatzen nauena da formakuntza-pantaila kentzen ari garela, asmo didaktikoa duena. Niri neurri horrek pena ematen dit, pantailaren zati bat oso indartsua izan daitekeelako. Adibidez, zenbakien deskonposaketa lantzen duen jolas txiki bat. Hori oso baliotsua izan daiteke, matematika asko dagoelako atzean.

Halako jarduerek ikasgelako denboraren % 100a hartu behar dute? Ez, noski. Baina agian 10 minutu bai, eta ondoren zati motor batekin uztartuko dugu: kanpora atera, zuhaitzetara igo, errekan busti, eta abar.

Nire ustez, mutur batetik bestera goaz. Duela urte batzuk mundu guztiak nahi zuen teknologia ikasgelan. Orain badirudi ahalik eta urrutien nahi dugula. Pendulu konstante horrek ez du laguntzen.

Zer lotura dago ikerketaren eta ikasgelaren artean?

Ikerketa ikasgelako aldaketak baino askoz aurreratuago doa. Ikasgelako aldaketak oso motelak dira, irakasleek oso errotuta dauzkaten praktikak aldatzen saiatzen ari baikara. Nahiz eta irakasleak printzipioekin ados egon, horiek praktikan jartzeak denbora, laguntza eta konfiantza eskatzen du.

Horregatik da hain garrantzitsua ikerketaren eta praktikaren arteko transferentzia. Urte askoan unibertsitateko irakasleok etengabeko formakuntza egin dugu transferentzia hori egin ahal izateko. Izan ere, argitaratzen iren ikerlan guztiak ez dira testuinguru guztietan aplikagarriak. Horregatik, gutako asko transferentzia hori egiten aritu gara. Baina gutxi egiten da oraindik.

Hitz egin dezagun hasierako eta etengabeko formakuntzaz: nola hobetuko zenuke?

Hasierako formakuntzak eredu desberdin asko izan ditu, baina, egia esan, ez zait iruditzen irakasleak trebatzeko modu egokia denik 80 ikasleko taldeekin eskola ematea.

Aldiz, etengabeko formakuntza oso baliagarria da, eta zentzu handia du. Batez ere, irakasle askok beren jarduna hobetzeko eta benetako aldaketak egiteko borondatea izan ohi dutelako. Aldaketa horiek beldurra ematen badute ere —eta normala da—, hazteko borondatea hor dago. Eta horrek oso baliotsu egiten du.

Beraz, unibertsitateko ikasleekin ere ez duzula klase transmisiborik planteatzen, ezta?

Ez! Oso desberdina da klase transmisibo bat ematea edo klase parte-hartzaile bat ematea. Ikasle talde bat daukazunean eta materialak banatu eta galderak egiten dizkiezunean, haiek dira pentsatzen dutenak. Orduan, haiek, etorkizuneko irakasle gisa, beren azalean bizi izan badute, etorkizuneko ikasleei ere gauza bera eginaraziko diete. Nola izan zaitezke trebatzaile erronka sentitu eta material batekin inplikatzeko esperientzia hori bizi izan gabe?

Iragana eta oraina izan ditugu hizpide

Aktibatu azpitituluak elkarrizketa osoa ikusteko.

Hitz egin dezagun orain etorkizunaz. Nolakoa izango litzateke zuretzat haur hezkuntzako gela ideala?

Gela batean pentsatzen dudanean, beste herrialde batzuetako ereduak izan ohi ditut inspirazio-iturri. Zer gustatuko litzaidake nire gelan? Lan egiteko modu desberdinak ahalbidetzen dituzten espazio moldakorrak: batzuetan talde osoarekin, eta beste batzuetan talde txikiekin, modu autonomoan funtziona dezaketenak, heldu batzuekin batera.

Espazioek abegitsuak eta sustagarriak izan behar dute. Funtsezkoa da zer material mota dauden, bai eta kanpo-espazioa ere. Eta hori eskandinaviarrek oso argi dute. Haurrek maiz irten behar dute naturara, gutxienez astean behin, esploratzeko, korrika egiteko, zikintzeko. Garapen motorra oso garrantzitsua da.

Baina irakurketarako tarteak ere izan behar dira, liburutegiak liburuekin, edo agian pantaila bat denok batera zerbait interesgarria ikusteko. Espazio anitza. Ez ikasgela bat, heldu bat eta 25 haur.

Izan ere, zer paper dute espazioek, denborak eta materialek?

Haur hezkuntzako irakasleok asko eztabaidatzen dugun gaia da hori. Argi duguna da espazioak eta materialak funtsezkoak direla. Eta elkarrizketak izaten ditugu giroak birpentsatzeko moduaz, proposamenak dibertsifikatzeko moduaz, ingurune aberatsagoak sortzeko moduaz eta abarrez.

Denbora, aldiz, gainditu gabeko ikasgaia da. Haur hezkuntzan, ordutegi finko eta zurrunegiak une oso baliotsuak zapuztu ditzake. Denbora pixka bat malguagoa izatea behar dugu, “zerbait” garrantzitsua gertatzen ari den uneak aprobetxatzeko.

Haurrak esplorazio batean edo jolas esanguratsu batean murgilduta badaude, helduak une hori zabaltzeko askatasuna izan beharko luke. Denboraren zurruntasunak beharbada zentzua du lehen hezkuntzan, baina haur hezkuntzan, denborarekin batera aritzea ikasketa prozesuaren parte da.

Ia amaitu dugu: zuk urte askotako esperientzia duzunez, zer esango zenioke hasi berri den irakasle bati?

Kontziente izan dadila ikasgelan nortasun desberdin asko aurkituko dituela. Bere erronka nortasun horietako bakoitza ezagutu eta haiei laguntzea da, dauden lekutik, urratsez urrats. Haur guztiak ez daude ez leku ez une berean, eta hori haur txikiaren aberastasunaren parte da.

Erronka handia da, beti ez baita erraza izaten ume bakoitzarekin harreman estua lortzea. Batzuetan kostatu egingo da. Baina lortzen denean eta ikusten duzunean umea aurrera doala, gozatu egiten duela eta hazi egiten dela, zure lanarekin eta zeure buruarekin adiskidetzen zara berriro. Ondo laguntzea poztasun-iturri sakona da.

Eta agian bere lanetik deskonektatuago dagoen edo zalantza egiten duen irakasle bati?

Bada, irakasle hasiberriei esaten diedan gauza bera esango nioke: irakasle izan nahi baduzu, agian bizitza osoan izango zara irakasle. Nola eutsi diezaiokezu ilusioari hainbeste urtetan? Lehenik eta behin, gelditu une batez eta galdetu zure buruari: Egon nahi dudan lekuan nago? Ikusten al dut neure burua urte askoan hau egiten?

Irakasle ona izateko, konfiantza handia izan behar da haurren gaitasunetan eta konpetentzietan. Baina horretarako, lehenengo zeure buruarekin ondo sentitu behar duzu. Seguru eta prest sentitu. Agian lasterketa erraza irudituko zaizu, baina bizitza osoan egunero lan hori egitea exijentea da. Dena den, bizirik sentiarazten bazaitu, oso lanbide atsegina da.

Zalantza egiten duten edo krisian dauden pertsona horiei, lehenik eta behin, esango nieke beren buruari galdetzeko ea benetan egon nahi duten lekuan dauden. Bigarrenik, laguntza eskatzeko esango nieke. Ni neu eskola eta talde askotara joan naiz birpentsatzen laguntzera, aurrera egitera, praktikak birformulatzera. Beti dago aldatzeko tartea.

Eskerrik asko, Mequè. Elkarrizketa benetan aberatsa izan da!

Aktibatu azpitituluak elkarrizketa osoa ikusteko.