Ikasgelatik harago: etxean egiteko ariketa gehigarri berriak

Innovamat
Innovamat
02/12/2025|Irakurketa: 6 min
Ikasgelatik harago: etxean egiteko ariketa gehigarri berriak

Azken urteotan, behin eta berriz eztabaidatu da etxerako lanei buruz. Klaustro gisa, galdera bikoitza da: etxerako lanak bidali behar ditugu? Eta bidaltzen baditugu, nola ziurta dezakegu ikasteko benetan eraginkorrak direla?

Innovamaten, foku nagusia beti izan da ikasgelarako proposamen bat garatzea. Azken finean, han erein eta hazten da pentsamendu matematikoa.

Hala ere, hainbat ikastetxe eta familiarekin lankidetzan aritu ondoren, eskaera orokor bat identifikatu dugu, ikasgelan egiten dugun lanketatik harago doana: etxerako lanak bidaltzeko beharra. Praktika gehigarria ez ezik, familientzako leiho egituratu bat ireki dezaten eskatu diguzue, eta haurrek matematika nola ikasten duten hobeto ulertzeko aukera eman dezaten.

Ariketa gehigarri berrien egitura

Saio bakoitzak bere ariketa gehigarriak ditu, eta Zenbakien laborategian zein Abenturetan aurkituko dituzue.

Ariketok Lehen Hezkuntzako 3. mailatik 6. mailara bitarteko saio guztietan eskaintzen ditugu. Izan ere, Lehen Hezkuntzako maila horietan eskaintzen zaio arreta handiagoa eduki eta estrategia jakin batzuk finkatzeari eta automatizatzeari. Halaber, maila horietan, eskolatik kanpo praktikatzeko ohitura sortzeko baliabide-eskaera handiagoa da.

Baliabide berri honen atzeko filosofia

Funtsezkoa da ulertzea ariketa gehigarri hauek inoiz ez dituztela ordezkatuko ikasgelako funtsezko uneak: ezagutzaren eraikuntza aktiboa eta kontzeptuak finkatzea. Elkarrizketaren eta esplorazio gidatuaren bidez, zentzu matematikoa deskubritzeko espazioa da ikasgela. Bestalde, etxeko praktika ez da ideia berriak ereiteko lekua. Aldiz, ikasgelan ereindakoa ureztatzeko lekua izan behar du, ikasleei arintasuna garatzeko eta ikasitakoa automatizatzeko aukera ematen diena, praktikako egoerekiko esposizio handiagoaren bidez.

Baina nola ziurta dezakegu “ureztatze” hori benetan aberatsa eta eraginkorra dela?
Koherentzia da gakoa. Gida didaktikoek eta ikasgelarako baliabideek ikaskuntza sustatzearen alde egin behar dute, ikasleak behatzera, arrazoitzera, loturak ezartzera eta hausnartzera bultzatzen dituzten jardueren eta zereginen bidez. Eta etxean egiteko ariketa gehigarriak ere ikuspegi berarekin diseinatu ditugu.

Gakoa ez da kalkulu mekanikoz edo ekoizpen-ariketaz betetako orri bat eskaintzea. Edukiak finkatzeko aukera osagarri bat eskaintzea da helburua, eta, era berean, hainbat prozesu matematiko mobilizatzea eta praktikan jartzea.

Erreparatu beheko bi kasuei. Ikasleei eragiketa batukorren sorta bat ebatz dezaten eskatu beharrean, gure proposmenean goitik beherako batuketak osatzera animatzen ditugu, eta, horretarako, arrazoitu egin behar dute nondik hasi, zer eragiketa-mota egin (batuketa ala kenketa) eta hura ebazteko zer estrategia erabili.

Ikus dezagun beste adibide hau ere. Aurrez emandako irudiak sailkatu beharrean, geoplano batean triangeluak bilatzea proposatzen diegu ikasleei, eta alde berdinen kopuruaren eta simetria-ardatzen kopuruaren arteko loturari buruz hausnartzera gonbidatzen ditugu. Helburua ez da lexiko geometrikoa praktikatzea eta baldintza jakin batzuk betetzen dituzten triangeluak irudikatzea bakarrik; ikasleak poligono horien bereizgarri den erregulartasunaz jabetzea ere lortu nahi da: bi alde berdin eta bat desberdina badute, simetria-ardatz bakarra izango dute beti. Bestalde, alde guztiak desberdinak badira, inoiz ez dute simetria-ardatzik izango.

Autonomiaren aldeko apustua

Ariketa gehigarriak ikasleentzat irisgarriak eta autonomoak izateko diseinatu dira. Hori dela-eta, ariketa-orri bakoitzak banakako lana gidatzeko laguntza-elementuak ditu:

  • Sarrera: Ikasleari zuzendua, egun horretako praktikan zer egingo duen zehazten du. Gainera, batzuetan (iritzirako kalkulua praktikatzeko saioetan, adibidez), agerian uzten da zergatik den beharrezkoa eta garrantzitsua eduki hori praktikatzea eta hobeto ulertzea.
  • Enuntziatu argiak: Laburrak eta ulergarriak dira, eta batzuetan ebatzitako adibideak dituzte, haurrari egin behar duena hobeto ulertzen laguntzeko.
  • Laguntza-aholku zuzenak: Laguntza-aholkuak, eta erreferentzia zuzenak ikasgelan landutako edukietara. Adibidez, neurketa-unitateen arteko bihurketei buruzko lehen praktiketan, jarduerak errazago ebazten laguntzeko erreferentziak gehitu dira.
  • Autobaliozkotzeko gida: Azkenik, nork bere zeregina baliozkotzeko galderak ere egiten dira, ikasleak akatsak hautemateko heldu batengana jo beharrik ez izateko. Adibidez:

Nola erabili ariketa gehigarriak

Ariketon helburua da ikasleek ikasgelatik kanpo ikaskuntza sendotzeko aukera gehiago izatea. Hala ere, funtsezkoa da ikasleek helburu hori ulertzea.

Praktika izapide edo kontrol-tresna gisa ikusten badute, ikaskuntza-prozesuari kalte besterik egiten ez dioten metodoetara jotzeko arriskua dago, hala nola kopiatzera edo prozedurak automatikoki aplikatzera.

Hori saihesteko, funtsezko puntu hauek hartu behar ditugu kontuan:

  • Selektiboa izan: Saio bakoitzak bere praktika-proposama dauka, baina horrek ez du esan nahi etxerako beti bidali behar denik. Bidali beharrezkoa dela uste duzunean.
  • Kontuan hartu testuingurua: Kontuan izan ikasleak eskolan ematen duen ordu-kopurua, ikasgaien arteko oreka eta ikasle bakoitzak eskola-ordutegitik kanpo etxeko lanak egiteko dituen baldintzak.
  • Dedikazioa da garrantzitsuena: Praktika bakoitzean jarritako interesa egindako praktika-kopurua baino esanguratsuagoa da ikaskuntzarako.
  • Jarraipen kontzientea: Jarraipen kontzientea eginez gero, ikasleek interes handiagoa erakutsiko dute. Horrela, baliabide honekin bere ikaskuntza hobetuko du, egindako lanaren balioa ikusiko baitu, eta ez bakarrik kalifikazioa edo, praktika egiten ez badu, zigorra.

Eztabaida sustatu: Etxerako bidalitako jarduera batzuk erabil ditzakezu erantzunak denon artean komentatzeko edo ikasgelan eztabaidatzeko; hori bai, ezagutza eraikitzeko eta finkatzeko saioak alde batera utzi gabe. Taldean hausnartuz gero, praktikak benetako zentzua hartuko du ikasgelako dinamikan.

Leiho berri bat interesa duten familientzat

Familiekiko komunikazioa errazteko eta haurrengandik espero dena hobeto ulertzeko tresnak badituztela ziurtatzeko, bi baliabide nagusi diseinatu ditugu, praktika-proposamenekin batera:

Erantzunak azalpenekin

Praktika-proposamen guztiek QR kode bat dute, erantzunak eskuratzeko. Gainera, ariketen erantzunak ez ezik, askotan, ariketa horiek ulertzen laguntzeko azalpenak ere aurkituko dituzte:

  • Zereginen helburua.
  • Sor daitezkeen estrategia eta arrazoiketak.

Estrategien azalpenak

Proposamen jakin batzuetan, azalpen-orriak gehitu ditugu, funtsezko estrategiak deskribatzeko (hala nola gertaera ezagunak-ondorioztatutako gertaerak, saltoen estrategia, etab.), baita zalantzak sor ditzaketen faktore garrantzitsuak ere (adibidez, biderketen taulak zer ordenatan eraikitzen diren). Baliabide hau, batez ere, familia hauentzat da:

  • Erabiltzen ditugun estrategiak ezagutzen ez dituztenentzat.
  • Nola lan egiten dugun eta zergatik sakonago ulertu nahi dutenenentzat.

Saltoen estrategiari buruzko azalpen-orriaren adibidea.

Gehiago jakiteko…

Etxerako ariketa gehigarriei buruz gehiago jakin nahi baduzu, eta haiei etekinik handiena ateratzen ikasi, irakuri Matematikaren Didaktikan doktore den Cecilia Calvoren artikulu hau: Zertarako dira etxeko lanak? Nola diseinatu ezagutza sendotzeko eraginkorrak izan daitezen.