Cathy Williams: «Matematikaren irakaskuntzan, “oraindik” ideiaren boterea eraldatzailea da»

Verónica Sánchez
Verónica Sánchez
28/11/2025|Irakurketa: 3 min
Cathy Williams: «Matematikaren irakaskuntzan, “oraindik” ideiaren boterea eraldatzailea da»

Hiru hamarkada baino gehiago daramazu munduak matematikaren inguruan duen ikuspegia eraldatzen. Hitz egiguzu zure ibilbideaz.

Lehenbizi, institutuko irakasle izan nintzen Kalifornian; ondoren, matematikako zuzendari eskola-barruti batean, eta, azkenik Youcubed sortu nuen Jo Boaler-ekin batera. Stanford Graduate School of Education fakultatearen proiektu horrek matematika-irakaskuntzaren ikuspegi sortzaile eta gizatiarra sustatzea du helburu. Nire ibilbide profesional osoa eman dut ikerketa eta neurozientzia ikasleen potentzial infinituaren zerbitzura jartzen.

Atzera begiratuz, noiz eta nola konturatu zinen matematika hain modu desberdinean irakatsi (eta bizi) zitekeela?

Irakasle-lanetan hasi nintzenean, lehen hizkuntza ingelesa ez zuten ikasleekin aritzen nintzen institutuan. Ikasgelako dinamika erabat aldatu zen emaitzara iristeko modua azaltzeko eskatu nien egunean. Asko ikasi nuen haiengandik.

Aurrerago, eskola-barrutiko zuzendari nintzela, irakasleak trebatzen hasi nintzen. Esperientzia eraldatzailea izan zen: bost eguneko lana, hogeita bost irakaslerekin, Kaliforniako landa-eremu batean, non hogei hizkuntza ezberdin hitz egiten ziren. Nire ibilbide profesionaleko esperientziarik magikoenetakoa izan zen.

Bi bizipen horiek markatu egin ninduten, eta komunitatean eraikiz gero matematika zeinen indartsua den erakutsi zidaten.

Matematikan pentsatzen dugunean, maiz banakako ariketak datozkigu burura. Zergatik azpimarratzen duzu hainbeste matematikaren dimentsio kolektiboa?

Matematikak mundua nola ikusten dugun deskribatzen laguntzen digu, eta ikuspegi hori elkarlanean eraikitzen da. Matematika jolasteko espazioa da; bertan, lankidetza eta komunikazioa ezinbestekoak dira. Jolastokira jaistea bezala da: elkartzen bagara, problema egokiak planteatzen baditugu, elkarrizketa egokiak izaten baditugu, didaktikaren eta neurozientziaren alorreko ikerketari kasu egiten badiogu… horrek guztiak matematikoki pentsatzen eta inguru seguru batean jolasten laguntzen digu, argi geratzen baita bakoitzak gauzak ikusteko duen moduak axola duela.

Ikasgeletan, baita irakasleen artean ere, maiz entzuten dugu «Matematika ez da niretzat» esaldia. Zure ustez, zergatik da hain ohikoa, eta nola lagundu diezaiekegu ikasleei —eta irakasleei— hori desikasten?

Maisu-maistra askok, beren haurtzaroa gogoratzen dutenean, ez dute matematikari buruzko oroitzapen positiborik, eta hori izugarria da. Sistema baten emaitza gara. Irakasleei eta ikasleei ikuspegi hori aldatzen laguntzeko, matematika jostalariagoak eta atseginagoak behar ditugu. Halaber, zoru baxuko eta sabai altuko problemak planteatzea ere lagungarria da, gauzak ikusteko moduak benetan axola diela sinesteko.

Hortaz, denok egin dezakegu matematika?

Dudarik gabe, bai. Urtetan, Estatu Batuetan uste izan zen pertsona batzuk «garun matematikoarekin» jaiotzen zirela, eta beste batzuk ez. Hori gezur hutsa da. Haur batek problema bat ebaztea lortzen ez badu, ez dago inolako arrazoirik burmuin matematikorik ez duela pentsatzeko. Are gehiago, problema ebatzi ezingo duela uste badugu, geuk aldatu behar dugu begirada. Helduak garenez, gure betebeharra da haur horrek problema ebatzi ahal izateko zer-nolako laguntza behar duen jakitea. Haurra behar duen lekuan dago! Besterik gabe, ez dago prest problema guk hasieran pentsatu dugun moduan ebazteko… oraindik. Matematikaren irakaskuntzan, “oraindik” ideiaren boterea eraldatzailea da.

Gizarteak matematikaren inguruan duen ikuspuntuari dagokionez gauza bakarra aldatu ahal izango bazenu, zein izango litzateke?

Itxaropen osoa dut egunen batean Starbucks edo erako kafetegietara sartuko garela eta matematikari buruzko elkarrizketa bat sortzen bada jendeak ez duela korrika atera nahiko. Gustura biziko nintzateke matematikoki pentsatzeko gai direla denek dakiten mundu batean, matematikari buruzko solasaldi batek beldurrezko edo frustraziozko oroitzapen zaharrak pizten ez dituen mundu batean. Ideia horretara hurbiltzen gaituen edozer ongi etorria izango da. Neska-mutilei haien potentzial matematikoan konfiantza izanez hazten lagundu nahi diet.

Zure inguruan zerk eman dizu itxaropena azkenaldian?

Gero eta ikerketa gehiago dago, eta, gainera, gizartean aldaketa sakona sumatzen dut matematika zer den pentsatzeko moduan. Jendeak gero eta konfiantza handiagoa du bere ni matematikoan. Munduan egoteko modu berri bat da.